XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Formaren nagusitasunak, metrikak, soneto-generoak agintzen duela liburuan esango nuke. Idazleak aurkeztu ditu poesian neurtua egin beharrekoaren aldeko poetika-iritzi batzuk, noizean behin, eta noizean behin baino gehiagotan, han eta hemen, zabaldu. Formaren eraginak zulatu du berriro Mujikaren luma.

Sonetoaren tradizio urria dugu euskal letretan eta liburu honekin Mujikak ildo hori luzatu nahi du: Lizardi, Lauaxeta, Davant (hauxe dugu gainera euskal sonetoaren historiagile gure artean)... eta orain Mujika.

Ikuspegia da, behar bada, kontua: poesia deskribatzailea ematen du lehen irakurketa batean, neurriaren agindupean ondo taiutua, irudiagatik dioen moduan, zatar zena bilakatu eder egin gogoz aritu da Luis Mari Mujika.

Deskripzioaren azpian sinboloen bila joan dela idazlea esan genezake, baina bigarren irakurketa hori ez zaio irakurlaren irudimen-munduari uzten, idazleak berak ematen duelarik, gehienetan, zein den irakurketa.

Bigarren ezaugarri bat ere badu liburuak: tonuaren arazoa.

Nabarmenki bi dira, eta kontrajarriak, sonetoetan erabili izan den tonu zaindu, klasikozale, eta, nahi bada, hotza, eta bertso libreetan erabilitako, tonu surrealista (surrealismo xumea), poetaren nitasunean oinarritua, edo, neurri baten, puztua.

Biak, agian, intentzio beraren alde bi dira.

Izana eta izenaren bila doan soneto beroek (muga beroen oroimena dakarkigunek) hitzari buruzko hausnarketa dira neurri batean, metafora, eta metaforen metafora behin eta berriro sortuak:

izanaren kariaz jabetzea
izanean kokatzea
dena itsumustuan eta trumilka bikain eta zabal
gozo eta mazal